XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zertanik etxauk! Arratiako berbetan!, erranen luke norbaitek.

Segurazki, nik uste, erdaraz eginen beharko dituela.

Orduan gu izanen gara castellano parlantes euskadianos.

Bertze bat: noiz ukan ahal izanen dugu euskaldunok egunkari bat denok gozatsu, lasai ta errez-errez irakurri ahal genukeena, gaur egun erdal egunkariak irakurtzen ditugun bezala?.

Euskara batu gaberik sekula ta santan ere ez, ez bait luke izanen behar haiñako irakurlegorik.

Horrela izanki, euskarak egina du eta Euskal Herriak ere bai!.

Baiña, euskalkiak zaindu behar dira! akar egingo dit norbaitek.

Bai, eiki! Eta, hain zuzen ere, euskara batuak zainduko ditu bertze euskalkiak ere.

Ulergaitza, ez? Adi: euskara biziko baldin bada ikastetxeetan, Unibersitatean, literatura oparoan, Euskadi guztian edaturiko irakurlegoan biziko da eta gero bakoitzak bere gurasoekin egingo du bere euskalkian.

Irudi zazu zera: Etxeparek euskara jalgi adi plazara oihukatu zuenean, bildu zituela Euskal Herriko agintari, apaiz, praile eta bertze gizon euskalzaleak, Ego nahiz Iparraldekoak, eta proposatu zietela erranez: Adizute euskaldun agurgarriok, euskara plazaratu nahi baldin badugu, ez dugu bertze erremediorik euskara BAT egitea baizik.

Eta berehala hasi zirela hortarako bideak eratzen, eta ehun urte buruan lortu zutela bere jomuga, hau da EUSKARA BATU, uste dizuia ez zutela eginen Euskal Unibersitatea eta gure gizon-andre jakintsuak Salamancara joango zirela?.

Euskal Herria BAT ez zela izanen? Gure Herriaren Nortasuna, kulturaz bederen, ONUN bertan ere ezagutua eta onartua izanen zen, dudarik gabe!.

Baiña nola eginen dugu euskararen batasuna?.

Hara! Iruditzen zait ezen, euskara harrobi izugarri bat dela, harri sendo eta ederrak dituena toki batzutan, eta bertze batzuetan, bitxi dirdaitsuak dizdirantzen dituenak, baiña bertze tokian zeparriz betea, eta harrobi hau zazpi deitu Probintzietan kokaturik dagoela hiru Iparraldean eta lau Egoaldean (...).